XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Harrizko jartoki batean eseri dira.

Itxuraz, aurpegiz hobexeago dago Asun.

Ez du gauza handirik esaten, halere.

Norbaitek hitz egiterakoan, Inmak hartuko du beti aurrea.

- Badakizu Asun, garai batean lurralde guzti hauetan matriarkagoa zela jaun eta nagusi, emakumezkoek agintzen zutela, aisa gainera, gizonezko eta beste ilaje guztiko pizti eta animalien gainetik?

- Bai, bai... oraindik badira batzuk gure herrian ere emakumeok agintzen dugula diotenak, baina joan zaitez bila, azkenerako beti geu, inozook, gara beti irteten galtzaile, eta bestela zure aurrean duzu lekuko begi bistakoa.

- Ez mintza horren serioski, neska, ez izan horren ilun.

Hor barruan aritu naiz morroi batekin hizketan, nekazari eta ehiztarien bizimoduen desberdintasunak aipatzen, batzuei matriarkagoa eta besteei patriarkagoa zegozkiela eta.

Neuk, dena dela ere, orain porrutxo hau opa nahi diot hemengo matriarkago ohiari, bale?

Asunek isil isilik jarraitzen du, hitz txintik ahoratzeke.

Inmak porroa pasa dionean ematen dizkio bizpairu ahokada, begiak hertsirik, kemen handiz kea barruratuz.

Orain biak daude isiltasunean arras murgildurik.

Gaua ederra ageri da, baketsua, ezin bareagoa.

Eserita dirauten lekutik doi-doi nabari daitezke El Pez Espada pub-aren kanpoko hizki argiztatuak, karrika estuaren amaieran.

Jende multzokada dabil atarian sartu nahiean.

Sport modeloko kotxe batek plaza inguratzeari ekiten dio, osotasunean.

Jira osoa bukatzerakoan Asun eta Inma dauden parean gelditzen da kotxea, motorra indar bizian mantenduz.

Urdin ilun kolorekoa, rally-etan erabiltzen diren fokoargiekin.

Bi mutil doaz barnean, eta neska bat.

Kotxeko aurreko atea zabaltzen da eta neska ateratzen.

Paula inguratzen zaie aulkian dauden neskatoei irriparrez, alaitsu, umore onez.

Txanpan kopa, erdi hutsa, dakar esku batean.